Eskuliburu hau zabaldu eta irakurtzen hasi orduko, agian, ondorengo galdera honek asaldatuko zaitu: «Zuzenbide Zibileko eskuliburu hau eta ondoren etorriko direnak arakatzen amaitzen dudanean, zertarako balioko didate egindako lanek, pilatutako nekeek eta horretan erabilitako hainbeste orduk?».
Erantzuna ez da bakuna, eta are gutxiago bakarra. Hori bai, ziur izan Zuzenbide Zibileko ikasketek askeago izatera lagunduko zaituela, izan ere, askatasun zibilak, gure eskubide eta betebeharren berri izatea eskatzen du, bai eta eskubideak baliatzeko edo ukatzeko, eta betebehar horiek betetzeko edo ez betetzeko aukera ere. Libre izateko zure eskubideak eta betebeharrak ezagutzea ezinbestekoa da.
Zuzenbide Zibila ezagutzeak aberastu eta jantzi egingo zaitu, pertsonen arteko harremanetan, edozein eztabaida edo arazo garatzean, eskuliburu honen bidez zeureganatutakoa erabiliko baituzu eztabaidatutako gaia behar bezala bideratzeko. Hori bai, harrokeriarik gabe eta enpatia handiz!
Zuzenbide Zibila euskaraz ikasteak zure diskurtsoa zehatza eta bidezkoa izan dadin lagunduko dizu. Maiz beste hizkuntza batzuetan irakurri eta hitz egin beharko duzu, eta sinetsi ez arren, hizkuntza desberdinen menperatzeak komunikatzeko gaitasuna ere erraztuko dizu.
Erantzunak askotarikoak izan daitezke, orain zuri dagokizu zure ibilbide akademikoan beste erantzun posible batzuk aurkitzea. Gozatu ezazu bidea!