Jakina da egituren zehaztapena ikasteko modurik aproposena ariketen ebazpena dela. Liburu honen helburua da ikasleak ariketa bilduma zabal batez hornitzea, benetako eta kalitateko espektroen bidez Konposatu Organikoen Egituren Zehaztapenaren ikaskuntzan trebazeko, datu espektroskopikoetatik abiatuta.
Beraz, liburua Kimikako Graduko ikasleei zuzenduta badago ere, halaber Farmaziako, Biokimikako, eta Ingeniaritza ezberdinetako ikasleentzat ere oso erabilgarria izan daiteke. Oro har, Egitura Zehaztapeneko problemen aurrean lehengo aldiz aurkitzen diren ikasle guztiei baliagarri gertatuko zaie liburua.
Liburu honetan aurkezten diren problemak konposatu organikoen egitura zehaztapenean maizen erabiltzen diren tekniketan ardazten dira, hau da, 1H eta 13C-ko erresonantzia magnetiko nuklearraren (EMN) eta infragorriaren (IR) espektroskopian. Horrela, bi teknika horien erabilerak, formula molekularraren datuarekin batera, konposatuaren egituraren zehaztapen logiko eta arrazoitua ahalbidetuko du. Ikasleak jarraitu beharreko bidea erakusteko, lehen berrogeita hamar problemen erantzun arrazoituak ematen dira. Gainerako 150 problemen ebazpenak egileei posta elektronikoz eska dakizkieke.
Liburu honetan aurkeztutako espektroak kasu bakoitzean adierazitako baldintzetan lortu ziren. 1H-ko EMN espektro guztiak 300 MHz-ean eta 13C-koak 75 MHz-ean lortu ziren Bruker Advance 300 espektrometro batean. IR espektroak Nicolet Avatar 320 FT-IR espektrometro batean erregistratu ziren.